Pirinioak natura oparoa dutelako nabarmentzen dira, baina kulturaren zale bazara aurkituko dituzu aukera interesgarriak orobat; izan ere, lur horietan, ondo jakin dute nola mimatu eta errespetatu beren tradizioak, hizkuntza, musika, dantzak, kondairak, gastronomia... Bertako museo txikietan, sakonago ezagutu ahal izango duzu etnografia.
Gainera, Donejakue bidea hain zuzen ere Pirinioen erdi-erditik sartzen da penintsulara, Orreagako kolegiata altxor artistikoaren inguruetan. Apur bat harago, eskualdeko ipar-mendebaldean, Aralarko San Migel santutegi erromanikoa dago, aipatu berri dugun kolegiata bezain interesgarria.
Pirinioetako bizimodua hurbilagotik ezagutu nahi baduzu, hona hemen hainbat gomendio:
Espazio kulturalei dagokienez, nabarmentzekoak dira Baztango eta Zugarramurdiko sorginei buruzko museo etnografikoak, lanbideei eskainitako museoak (Burgiko Almadiari buruzkoa, adibidez) eta zaporearen museo txikiak, produktu tradizionalei eskainitakoak (eztiari buruzkoak eta Erronkariko gazta ospetsuari buruzkoa, kasurako). Izadiarekiko interesa dutenentzat, berriz, ezinbestekoa da naturaren interpretazio-zentroren bat bisitatzea; Bertizekoa edo Otsagabikoa, adibidez. Pirinioetan, han-hemenka daude halako zentroak, nonahi.
Erlaxatzeko, dibertitzeko edota zure adrenalina igotzeko, hortxe dituzu Elgorriagako bainuetxea, Irrisarri Land eta Bertiz Abentura Park abentura-parke zirraragarriak, besteak beste.
Nafarroako Pirinioetako aisialdiko eta kulturako espazioen zerrenda
Eta, azkenik, nola ez murgildu bertako festa eta tradizioetan? Urteko ospakizunetan aurrenekoetakoak inauteriak izaten dira, eta hor ikusgarriak dira zeharo Ituren, Zubieta eta Altsasukoak. Aste Santuan, berriz, Luzaideko Bolant dantza ederra nabarmentzen da.
Udaberria iristean, Almadiaren Eguna, Orreagarako erromesaldia eta Irati Xtrem kirol-ekitaldia izaten dira, besteak beste. Eta, uda partean, ehun urteak beteak dituen Hiru Behien Zerga, Baztandarren Biltzarra, Otsagabiko Orhipean festa eta Artzain Eguna dira protagonistak.
Aurrerago, pasaiak udazken-kolore ederretan biltzen direnean, Etxalarko usategien egunaren moduko ospakizunak iristen dira, baita jardunaldi mikologikoak eta ehizaldiak ere. Azoken garaia ere izaten da; hortxe dira Doneztebekoa eta Lesakakoa, adibidez, Erdi Aroan sortuak. Eta, Gabonetan, ez zaitezela harritu mendian behera zoazela Olentzero topatzen baduzu, haurrak opariz josiko dituen ikazkin jatorra.
Nafarroako Pirinioetako festa, tradizio eta ekitaldien zerrenda