Almirantearen etxea Tuterako alde zaharrean bertan dago, eta Espainiako arkitektura zibil errenazentistako jauregi interesgarrienetako bat da.
Gutxi ezagutzen da etxearen eraikuntzaz dokumentu-esparruetatik, eta, halaber, ez da aurkitzen arrazoi logiko bat "Almirantearen etxea" izena argitzeko.
Ezagutzen diren lehen jabeak Cabanillas Berrozpe familiakoak dira, Gómez Peralta familiakoen oinordekoak; azken horiek, hain zuzen, etxea eraikitzeko agindu zuten 1520. eta 1560. urteen bitartean. Horien atzetik etorri ziren Castillo Cabanillas eta Gómez de Peralta familiak, XVII. mendean; Ximénez de Cascante eta Ximénez de Antillón familiak, XVIII. mendean; eta Barón de la Torre familia, XIX.an.
Egungo etxetzar platereskoa garai batean zegoen beste baten gainean eraiki zen; orduko haren jatorrizko eskailera gorde da, oinplano karratukoa. Gaur egun dagoena hiru solairuko etxe handi bat da, adreiluz egina, goiko aldean arku txikiko galeria eta apaingarriz jositako teilatu-hegala dituena. Patioa angeluzuzena da, soiltasun handikoa, eta garai hartan nagusi ziren eskema aragoarren arabera egituratzen da. Nabarmentzeko modukoak dira lehen solairuko bi balkoi handiak; izan ere, dekorazio plateresko bikaina du, erliebe handiko figura antropomorfoek osatutakoa. Balkoien eta teilatu-hegalaren artean erliebezko friso bat dago.
1550. urtearen aldera eraiki zen, aurretik zegoen XV. mendeko etxe handi baten gainean. Bere fatxada bikaina 1997an zaharberritu zen, eta 2010ean barnealdeko berritze-lanak hasi ziren, kultura- eta prestakuntza-jarduerak helburu dituen
María Forcada fundazioaren egoitza izateko.